KLORATITA
musika taldea 2003 urteko udazkenean sortu zen. Urte horretako uda partean, aspalditik elkar ezagutzen genuen bost lagun batu eta musika talde bat sortzeko ideiarekin ibili ginen. Hasiera batean txantxetan tratatzen genuen ideia; baina Bilboko Aste Nagusian kontua zehaztuz joan zen, justu taldearen izena erabaki genuen momentuan: KLORATITA errealitate bat zen.

Baina urte horretako urrira arte ez genuen lortu bostok batzea eta lehenengo aldiz bertsio batzuk jotzen hastea. Orduan hasi ginen gure lehenengo saiakera propioak egiten, nabariak ziren hasiera batean gure gustuak, punk eta rockaren nahasketa egiten genuen eta gaur egun antzekoa egiten jarraitzen dugu, edo behintzat, hori uste dugu.


Taldekideetako lau Zorrotza auzokoak gara (Alberto eta Iraitz abeslariak, Gaizka baxua eta Saul bateria) eta bosgarrena Leioakoa (Ekaitz gitarra). Zorrotzako frontoi azpian dauden lokaletan entseatzen dugu… denbora daukagunean, noski.

2004 urteko urtarrilean eskaini genuen gure lehenengo kontzertua, Zorrotzan bertan, frontoi azpian, gure entseilu lokaletik 50 metrotara; baina etxean jo arren, urduri geunden, oso urduri. Gure lagun guztien aurrean KLORATITA, publikoki, erditu genuen. Bigarren kontzertua Leioan izan behar zuen, nola ez, Kurkudi Herriko Tabernan. Eta hortik aurrera 50 kontzertu baino gehiago eman ditugu Euskal Herriko bost herrialdetan. Kontzertu horietan, gure abestiez gain, hainbat bertsio jo ditugu, Cicatriz, Barricada, Anestesia, Kop…


Urte bateko esperientziarekin eta 15 bat kantu eginak genituenean bururatu zitzaigun diskoa grabatzea. KLORATITA beste fase berri batetan murgiltzen zen, Euskal Herriko musika mugimenduan erabat murgilduko gintuen fasean, alegia. Horrela, azaroaren 5etik 13ra bitartean, Tala estudiotan sartu eta grabazioari ekin genion. Esperientzia polita izan zen nahiz eta egun horietan Bilbok jasandako errepresio berdeak grabazioa bera baldintzatu zuen; baina, beti bezala, oztopo guztien gainetik, aurrera jarraitu genuen eta gaur daukagun diskoa (Inoiz baino gehiago...), egun horietan errepresioa jasandako guztiei eskaini ahal diegu.

Diskoa grabatzeaz gain, liburuxka bat egin genuen eta honen prestaketa ere ez zen makala izan: testuak idatzi, argazkiak aukeratu eta maketatu. Baina emaitza ona izan da.

Azaroaren 16rako dena genuen prest eta oraindik 20 egun genituen produktua Durangoko azokan ateratzeko. Liburuxkaren kopiak abenduaren 1ean heldu ziren eta diskoak abenduaren 4ean bertan, goizean. Baina azokan salgai jarri arren, arratsaldean kendu behar izan genituen diskoen kopia guztiak txarto egin baitzizkiguten!! Egoera larria zen, are gehiago txapelokerrek bidesarian gelditu eta KLORATITAren 400 CDrekin atzeman gintuztenean; baina nonbait, gustatu omen zitzaien, aurrera jarraituarazi gintuztelako.

Bi hilabete pasa behar izan ziren kopia berriak jaso arte, baina beno, orain CD-liburuxka 5 eurotan saltzen dugu han eta hemen.

Gure CD-liburuxkaz gain, hainbat ekimenetan parte hartu dugu. Gazte Sareak ateratako 2. Entseilu Lokala diskoan Gu geu izateko... kanta sartu dugu, Leioako Kraska Gazte Konpartsak ateratako Gazte Eguna '05 diskoan Agur eta ohore abestia sartu dugu eta Gazte Mugik ateratako diskoan Espetxetik abestia. Gainera, Jarrai-Haika-Segi auziko auzipetuek ateratako CD baterako Gazte eta Errebelde kanta berria grabatu genuen apirilaren 9an; hemendik, gure besarkadarik beroena 42 gazte horiei.