MUSIKA ETA KULTURA ELKARBANA DEZAGUN
CD bat kopiatzen badugu, musika eta musikarien sormenaren aurka joatea da, musikarien eskubideak babestu behar dira, copyrighta da musikarien eskubideak babesten dituena... Zenbat aldiz entzun ditugu horrelako gauzak? Egia al da CDak kopiatzerakoan dirua galtzen dugula? Egia al da copyrightek musikarion eskubideak babesten dituela? Egia al da esaten diguten guztia, edo dena ikuspuntu ekonomiko batetik esaten dute? Gaur egun, kultura pribatizatu baten aurrean aurkitzen gara, non kultura egiteak etekin ekonomiko bat dakarren eta bakoitzaren sormenari prezioa jartzen dioten. Kultura, pertsona baten edo kolektibo baten sormenaz egindako zerbait da, jendarte guztiari heldu behar zaion zerbait, dirua izan edo ez izan. Gaur egungo kultura eredua, ordea, dirudunentzat baino ez dago eginda, edo hori da, behintzat, lortu nahi dutena. Baina pribatizazio honen aurrean, kultura libre baten alde agertzen den proiektu bat sortu da, copyrightari alternatiba egingo dion zerbait sortu da: COPYLEFT. Honek, kultura jendarte guztiari heltzeko aukera ematen du, nahi eta ahal duenak erosten edo nahi eta ezin duenak kopiatzen, internetetik jeisten...

Kultura egiten duen edonork, bere sormenaz egin duena zenbat eta jende gehiagora heltzea nahi du. Horretarako, eta jende askoren egoera ekonomikoa ikusirik, kopiatzeko aukera eman behar diogu. Horrek ez du esan nahi, dirua galduko dugunik. Jende horrek, gure obra ikusi, entzun edo irakurri egingo du eta gustatzen baldin bazaio, bere lagunen bati oparitu egingo dio, eta horretarako erosi egingo du (hau noski, arlo ekonomikotik ikusita, izan ere, kulturagileak diru apur bat irabazi behar du, izandako gastuak kubritzeko adina diru behintzat). CDak kopiatu ahal izatea, ez du esan nahi autoreen eskubideak errespetatzen ez direnik. COPYLEFTarekin, autoreak berak jartzen ditu arauak, norberak erabakitzen du zeintzuk diren bere eskubideak. Hemen, lan osoa kopiatzea edo zati bat kopiatzea eta banatzea onartu egiten da, beti ere, irakurle edo entzulearentzat baldin bada eta ez bada helburu komertzialetarako erabiltzen.

APUR DEZAGUN MUSIKA EREDU KAPITALISTA HONEKIN
ETA EGIN DEZAGUN GURE MUSIKA EREDU PROPIOA!

[atzera]